Gazteak gara , gazteak gara, gazte, orain eta hemen. Dena
daukagunaren gezurrean hezi gaituzte. Baina badakigu ez dugula ezer,
gure indarra salbu eta etsipenari aurre egiten diogu, badakigulako
guri dagokigula porrotaren aurkako matxinada.
Gau ilunetara
kondenatu nahi gaituzte baina guk, guk ez diogu uko egin nahi gazte
izateari, ez diogu uko egin nahi, egunez ere amesteari. Maitasunak
mugitzen gaitu eta hari esker ibiltzen gara; besarkada baten iraultzan
sinesten dugu, muxu baten subertsioan.
Mundua maite dugulako nahi
dugu mundua eraldatu; mundua ez zaigulako poltsikoan kabitzen. Gure
lurra maite dugulako nahi dugu gure lurra aske. Gu geu hizkuntza
garelako nahi dugu hizkuntza bizi; nahi dugu euskaraz bizi.
Gure
herria maite dugulako nahi dugu pertsona askez osatutako herria;
ezberdinen arteko herri parekidea. Kalean bizi gara, kalea bizi dugu
; ez dugu sormena museotarako gorde nahi, irudimena da gure barrikada,
eta utopian babesten gara.
Teorian sinesten dugulako nahi dugu
praktika bizi, praktikan bizi. Etengabe ikasten gaudelako nahi dugu,
ikastearen benetako esanahia berreskuratu, eta porlanezko eraikin
handiei zentzua eman. Belztasunak itsutzen gaituelako nahi dugu
kolorezko alternatiba eraiki eta eraikiko dugu.
Ez gaitu izutzen
zuen sokak, zuen bozalak, zuen iluntasunak; argia maite dugu. Ez
gaituzte mintzen zuen irainek , ez gaitu izutzen zuen eskaintzak aspaldi
utzi geniolako sinesteari. Ez dugu beldurrik iragana zaretelako ezin
duzue oraina erasotu, oraina, gu geu garelako, ezin duzue etorkizuna
konkistatu. Erne gaudelako, ernai gaudelako, ERNAI garelako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario